Ikerketa hau Gazteen Euskal Behatokiak eskainitako beka baten ondorioz atera
da aurrera. Beka 2008ko urtarrilean esleitu zen, eta urte bereko abendura arte
egindako azterketaren emaitza da esku artean duzun txostena. Beka honen tutorea
Zesar Martinez Garcia izan da.
Ikerketa honek generoaren gaiari helduko dio: generoa eta gazteek nortasun konkretu
hori nola bizi duten. Nerabe eta gazteen artean dauden jarrera sexistak ikusirik, eta
errealitateari begiratuz gero, berdintasuna ez dagoela erdietsita ikusten dut nik, baina
gazteen perzepzioak oso bestelakoak direla ere esango nuke. Diskurtso horiexek
plazaratuko dira artikulu honetan: alde batetik, ikerturiko gazteek duten bizimodua
eta horren gainean egiten duten interpretazioa landuta; eta, bestetik, berdintasunaren
gainean, zentzu orokorrean, duten iritzia aztertuta.
Agerikoa izan arren, ezin esan gabe utzi genero perspektibaz eginiko lana dugula
honakoa, hau da:
1. Generoen arteko botere-harremanak onartzen direla. Normalean, gizonen aldekoak
dira —talde sozial bezala ulerturik—, eta diskriminaziozkoak emakumeentzat.
2. Harreman horiek historikoki eta sozialki eraikiak izan direla eta pertsonen nortasuna
eraikitzen lagundu dutela.
3. Harreman horiek gizarteko egitura guztiak zeharkatzen dituztela: klasea, adina,
erlijioa, etnia eta orientazio sexuala, besteak beste. Gainerako harreman sozialetan
artikulatzen dira